Uda heldu da!!!

Ikasturteari amaiera emateko unea iritsi zaigu, aurtongoa ez da erraza izan. Nork esango zigun irailean, ikasturtea hasi zenean horrela bukatuko genuela: gelak hutsak, isiltasuna, bedarra hasita inork zapaldu ez duelako, pinturak gogortuta eta puzleak pieza guztiekin.

Atzo eta gaur beste era batera agurtzera derrigortuta sentitu gara baina gure ilusioa, zuon begiradarekin pizten da.. gure indarra zuon besarkadekin sortzen da… eta orain beharrezko dugun atsedena hartuta irailean berriro elkarrekin datorren ikasturteak eskainiko digun aukera berriak esploratzeko, gozatzeko eta bizitzeko prest egongo gara.

Ozen esan nahi dugu oso HARRO sentitzen garela zuotaz eta eskerrak eman nahi dizuegu bihotzez denoi.

Uda honetan..

Bizitza bizi!! Agurrik ez… laster arte laztanak! ❤️ 

Itxaso eta Lierni

BELDUR NAIZ

Kaixo familiak: 

Zer moduz zaudete? Ikasturtearen azken txanpa honetan zuokin berriro hizketalditxoak izaten ari gara. Plazer bat da zuekin batera gure txikitxoen heziketan parte hartzea eta ahal dugun einean gure esperientziatik gure ikuspegia lagungarria izatea.  Eskerrak eman nahi dizuegu gure lanean sinesten ari zaretelako, irakaslearekin hitz egitean agertzen ari zareten konfidantza eta denon artean egoera honek jarri dizkigun erronkari aurre egingo diogulako. Benetan zorionak!! Prest zaudete pasaden asteko proposamenak ikusteko.. aurrera bideoa.

Aste honetako gure hizketalditxoetan jasotako kezka garrantzitsu batean oinarrituko gara asteko proposamenak egiteko. Txikitako beldurrak betidanik egon dira… baina gaur eguneko egoerak beldur horiek areagotzea ekarri digu.

Ipuin honetan oso ondo ikusten dira Ibaien beldurrak eta bere amonak ematen dion laguntza.

Umeekin hitz egin dezakegu euren kezka edo beldurrari buruz eta honelako kezkamuxelak sortu ditzakeguz euren beldurrari aurre egiten laguntzeko.

Gure umeen beldurrak batzuetan munstroekin lotuta egon daitezke eta orduan munstro horrei itxura emon diezaiokegu eskularru bat erabiliz.

 Gure beldurrak itxura hartzen dutenean eskuekin ikutu eta manipulatu ditzakegu. Gure menpe daude, eta euren jolasaren bitartez menderatzeko ausardia ateratzeko aukera dugu.

Gure beldurrei izena jarri diezaiokegu eta nahi ditugun gauzak jaten eman… kontzientzia fonologikoa landuz. Gaur Astelehena da eta A-tik hasten diren gauzak bakarrik jan ditzakezu… M-tik hasten direnak nahi dituzula… bueno ba itxaron beharko duzu martitzenera. Je je je

Gure munstroak zerealak jaten ohituta daudela.. ba emango dizkiogu baina beti guk ezarritako neurrian!! ez itxi munstroari agintzen!! 

Eta beldurra uxatzeko, jar dezagun gorputza martxan! dantzatzeko prest? 

Gai honen inguruan benetako kezka izaten duzuela ulertzen dugu, horrela bada  zuen eskura jarri nahi dugu hik hasitik bai profesionalei eta gurasoei zuzendutako jardunaldi pedagogikoa. Beldurra emozio naturala den einean onartu eta berarekin bizitzen ikasi behar dugu txikitatik, gogoratu ez daudela emozio txarrak guztiak baliagarriak direlako biziraupenerako. Denok dugu beldurra momento batzuetan eta umeei laguntzeko orduan euren beldurrarekin konektatzea eta gure ziurtasunetik gainditzeko laguntza eskaintzea da biderik egokiena. Umeen ziurtasuna helduen ziurtasunetik dator!! Animo!!

Datorren Ekainak 16 an gure gelako Aitorren urtebetetzea da. Seguruena bere familiarekin egun zoragarria pasatuko duela. 

Datorren astean berriz pantailaren atzean zuokin egoteko asmoarekin agurtzen gara. 

Ez utzi amesteari! Gure beldurrak ezagutzea indartsuago egiten gaitu!!

 Itxaso eta Lierni.

Hazten ari gara

Egunon talde!

Zer moduz gabiltza? Ekaina ere iritsi zaigu dagoeneko eta orain arte eguraldi ezin ederragoak izan ditugu, seguraski aprobetzatu duzue hondartzara joateko eta udako jantzi, praka labur eta txankletak soinean janzteko, baina badakigu ziurrenik askok iazko erropak ateratzean arazo baten aurrean aurkituko zinetela: Hasi egin zarete! 

Baina ez zaio berdina pasatu gure ipuineko pertsonaiari: 

Hau dela eta hainbat erropa, zapata eta udako osagarri edo jantzi, txiki gelditu zaizue. Beraz, pentsatu dugu aste honetarako proposamenik egokiena Udako denda litzatekela.

Oinetatik hasiko gara, lehenengoz oina neurtu beharko dugu. Horretarako paper zuri batean oina jarriko dugu eta laguntzarekin oinaren irudia marraztuko dugu. Bukatzean, etxean duzuen neurgarri batekin, marraztutako oina neurtu beharko dugu. Ekintza hau gelan ere egin genduan, gogoratzen zarete?

Orain neurriak baditugula, txankleta fresko eta erosoak egitea tokatzen zaigu. Marraztutako gure oinaren eredua ebakiko dugu eta kolore ezberdinetako orriekin, margotuz, apaingarriak jarriz… bakoitzak gustoko nahi dituen txankletak egingo ditugu. Baina etxekoentzat ere ez ahaztu egitea! Neurriak hartu eta galdetu zelakoak nahi dituzten. Baina ez pentsa dohainik irtengo zaiela! Ez, ez! Prezioa jarriko diegu eta haiek erosi egin beharko dute!

Zenbat txankleta edo oinetako sortu dituzue? Kontatzeko ordua heldu da, baina oraingoan abestuz egingo dugu…

Uda sasoian bero handia egiten du eta zein gozo jaten ditugun zapore ezberdinetako izozkiak, ez? Zuoi ze zapore da gehien gustatzen zaizuena? Kasu honetan,  izozkiak jan beharrean, proposamen ezberdin bi lantzeko erabiliko ditugu.

  1. Boladun izozkia: orri batean izozki eredu ezberdinak marraztuko ditugu. Eredu bat aukeratzean, boladun izozki berdina jarri beharko ditugu, hau da koloreen ordena jarraituz.
  1. Izozkien bikoteak: zaporetako izozki ezberdinak marraztuko ditugu baina izozki bakoitzak bere bikote izango du, horregaitik marrazterakoan bi berdinak egin beharko ditugu. Amaitzean, buruz behera jarriko ditugu eta bikoteak egiten saiatu beharko gara.

Mugitzeko prest? Goazen gorputza martxan jartzera abesti honekin, saiatu gaitezen mugimenduak jarraitzen baina kontuz! Izozkia lurrera erori gabe! 

Aste honetako erronka: norbere kamiseta bat diseinatzea izango da, badakigu era ezberdinak daudela, guk eredu edo adibide ezberdin bi izten dizuegu. 

Joandako astean proposatutako erronkaren irudi eta bideo ikaragarriak jaso ditugu, hor doaz denak batera bilduta. Espero dugu guri bezain beste gustatzea! 

Kandelei putz egiteko prest? Oraingo honetan gure gelako lau laguntxuk urteak betetzen dituzte. Ekainaren 6an Mikelen eguna da eta 8an, hiru lagunek betetzen dituzte urteak: Alize Ormaza, Danel eta Marenek! Zorionak lauroi! Egun ezin hobeago bat izan!

Agurtzeko ordua iritsi zaigu baina datorren eguenan berriz ere izango duzue gure berri, bitartean ondo ibili eta musurik gozoenak zuontzat! 

Itxaso eta Lierni

KRESALETAN

Kaixo familiak:

Zer moduz jarraitzen duzue? Inork ez zuen pentsa hau egoera hainbeste luzatuko zenik eta txalotzekoa da zuon jarrera. Ez dakizue zein harro sentitzen garen egoera honetan egokitzen ari zareten moduarekin. Zuen lotsak, ikarak, emozio ez atseginak gainditzeko pausoak ematen ari zarete, ilusioa, jakinmina eta maitasunari esker. Jakin daizuen plazer bat dela gelan zein pantailaren atzetik zuentzat lan egitea. Eta pasadan asteko proposamenak ikusteko prest!! Aurrera familiak!! 


Aste honetan, gure Txirritxek dendak lantzea proposatu dizkigu eta gure herrian arrain azoka birtuala dagoela aprobetxatuz, arraindegi bat prestatzea pentsatu dugu. Arraindegian zer saltzen da.. ba arrainak!!

Arrain koloretsuak, kolore batekoak, berrerabilitako materialarekin etab.. egiten animatzen bagara sailkatu ditzakegu eta multzo bakoitzari arrain mota baten izena jarriko diogu (“Bisiguak”, “Txitxarroak” “Atunak” “lasunek”) eta saltzeko prezioa ere. Gure arraindegian, arrainak sailkatuko ditugu eta asmatutako izotzaren gainean jarriko ditugu (izotza gardena edo zuria imitatzen saiatuko gara gelatina gardenarekin, burbujadun plastikoarekin, kojinen barruan dagoen kotoiarekin, poliespan zatitxoekin etab..

eta arraindegia prest dugunean benetako txanponak atara eta dendarietara jolastuko gara. Tratu onak egin eta ea itsulapikoak betetzen dituzuen!!

Gu itsasotik ibili gara arrainak atrapa gure, baina ezinezkoa egin zaigu.

Zuek ere itsaso sakonera joaten bazarete.. gogoratu argazkia atera eta guri bialdu.

Itsasoan arrantzan egon ostean, arrain kutunik duzue salgai jarriko ez duzuena eta itsasoan aske utsiko zenuketena?

Laburmetrai  honekin agian zuen bihotzak hunkituko zaizue eta..

Pentsatu duzue arrainak bai ur gazitan eta ur gezan bizi  ahal direla. Esperimentu honekin ikusiko duzue gatzak mirariak egiten dituela!! 

Arrainak forma desberdinetan aurki daitezkela aprobetxatuz gehiago, gutxiago eta berdin kontzeptuak landuko ditugu jolas dibertigarri honekin. Horretarako arrain itxurako galleta txikiak eta dado bi beharko ditugu. Dado biak batera bota eta bakoitzaren kopurua galletekin arrain ontzietan jarriko ditugu. Eta jolasa asmatu ostean, jatera!! Jakin badakigu gure intereseko gauzekin eta errepikapenaren bitartez arreta jarri eta kontzeptuak barneratzen ditugula, beraz galletak ez badira motibagarriak, jolasa moldatu nahi duzuen erara. Jolastera!

Eta sabela beteta daulagularik.. prest zaudete aste honetako erronkarako!!

Aste honetan uraren gainean flotatzen duen  itsasontzi bat egitea proposatuko dizuegu. Horretarako nahi dituzuen materialak erabili ditzakezue. Irudimena martxan jarrita, hipotesiak egin eta frogatzen hasten garenean gure arrazonamendua eratzen ari gara. 

Abestitxo honekin lasai lasai gure itsasontziaren frogak egin ditzakegu.

Heldu da gure gorputza mugitzeko ordua. Eidabe taldeak sardina freskue ikuskizunarekin gogoratzen digu jaietan zein ondo pasatzen dugun. Laster etorriko dira horretarako momentuak, bitartean onartu dezagun etxetik zein ongi pasatzen dugun eta gozatu familian!!

Gaur, maiatzak 28, Ainhoaren urtebetzea da eta bihar maiatzak 29 Izei Cuetorena. Hemendik musurik gozoena eta besarkadarik samurrena bialtzen diogu, haien urtebetetzea familiarekin ospatuz egun zoragarria izan dezaten.

Gu  ilusio handiz datorren eguenan berriro etorriko gara zuen heziketarako proposamenak aurkeztera. 

Itxaso eta Lierni

IZAN GARELAKO GARA ETA IZANGO GARA

Kaixo familiak:

Zelan zaudete? Bagoaz apur apurka aurrera eta denon arteko laguntzarekin behar dugun indarra eta arnasa hartuko dugu bide honetan aurki ditzakegun erronka eta oztopoei aurre egiteko. Bizitza bide bat da elkarrekin bide hori egin ezkero, taldean joanda, alkarri lagunduta  bata jausten denean albokoak laguntza emango dio. Eskerrak eman nahi dizuegu zuen eskuak gure ondoan sentitzen ditugulako eta behar duzuenean gureak hor egongo direlako. Eleizalde ikastola danok osatzen dugun familia  da, anitza, aberatsa.. 

Ikusi nahi dituzue gure pirata ausartenak?

Pasaden astean, maiatzak 15, familiaren nazioarteko eguna ospatu zen. Aste honetako gaia eta erronka familia gaiarekin loturik joango da. Familiak gure nortasunaren eraikuntzarako ezinbesteko papera du, familian zehazten direlako gure izaera definituko duen sustraiak eta adarrak. Gure gizartean familia eredu desberdinak daude eta gure umeek euren eredua orokortzeko joera dutenez, hezitzaile moduan familia eredu desberdinen adibideak begibistan jartzea garratzitsu deritzogu. Ipuin  eta abesti hauetan familien banaketa eta berregituraketa prozesua ikusi ostean gure umeekin gai honetaz hitz egin eta marrazki bat egin dezakegu.

Oraingoan, matematika arloko logika  lantzeko familia  honek ezartzen dizkigun galderak erantzuten saiatuko gara, adi-adi begiratu beharko dugu, pista guztiak asmatu arte. Astindu garunak lagunak!!

Nork ez du eskegi bere jakea?

Nor dago ispiluari begira?

Nortzuk daude zaldiaren azpian?

Nor dago alfonbraren azpian?

Seguru guztiak asmatu dituzuela!! Abillek zarie eta!

Eta zein izango da asteko erronka?

Aste honetan familiako lotura errepresentatu nahi dugu. Horretarako familiakide guztiak batu beharko gara batzar batean eta danok partekatuko dugun tatuaje baten irudia adostu beharko dugu. Tatuajea egiteko modu asko daude, bai erositako gomets batekin, zein errotulatzaile batekin egindakoa, edota zeloaren bitartez itsatsitako irudia… Garrantzitsuena ez da irudia bera, prozesu honetan aurki daitezkeen eragozpenak aurre egitea baino. Beraz, etxeko txikiena zein nagusiena izateak ez dau nahi esan berak inposatu behar duela nahi duen irudia. Familia bat gara eta danan ahotsak garrantzitsuak dira. Animatu eztabaidatzen, bilatzen diren irtenbideak dira heziketaren oinarria!!

Konfinamendu egoera honetan ez ditugu ahaztu behar gure aitxitxe eta amumak, euren eskuzabaltasuna erakutsiz inoiz ez dizkigutenak kargarik eman nahi. Bideotxo honetan zuen egoera ikusgai dago eta gure ilusioa dena ondo amaitzea izango da. 

Bihar, maiatzaren 22a, gure gelako Idunen urtebetzea da eta aste honetako domekan Nhéusen urtebetetzea. Hemendik musurik gozoena eta besarkadarik samurrena bialtzen dizkiegu, haien urtebetetzea familiarekin ospatuz egun zoragarria izan dezaten.

Gu  ilusio handiz datorren astean berriro etorriko gara zuen heziketarako proposamenak aurkeztera. 

Itxaso eta Lierni

Ezberdintasunetik berdintasunera. Neska eta mutil danok berdin

Kaixo kuadrila! Zelan zaudete? Zuok badakizue gu kaiola txikiko txoritxuen lagun handiak garela eta eurak hegan, etxerik etxe mugitzeko aukera dute… eta badakizue zer esan diguten? Etxean pilo bat laguntzen duzuela: etxeko garbiketak egiten, norbere ohea txukuntzen, garbigailuan erropa zikinak sartzen eta garbitzen… etxeko lanak, ez direlako bakarrik gurasoen lanak, talde bat gara eta danon artean eginez gero askoz arinago eta alaiago egiten bait da dena. Gure txoritxuek esan digute zuok primeran betetzen dituzuela zuon betebeharrak! 

Gaurkoan kartoizko kaxak behar izango ditugu gure lehen proposamena burutzeko. Eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresneria kartoiz egiten saiatuko gara, danon artean egin dezakezue, aitak edo amak garbigailuak zelan funtzionatzen erakutsiko digu eta gero guk gure erropak sartu beharko ditugu, guk eginiko kartoizko garbigailuan. Edo parkean apurtu zaizkigun prakak josi beharko ditugu, kartoizko josteko makinan….  Hemen uzten dizuegu zenbait adibide…

Gelan saiatzen gara umeak bere banakotasun, berezitasunaren arabera, generotik at egiten den hezkuntza sustatzea, hau da, neska eta mutilei egokitutako rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe hezten. 

Hezkidetza lantzeko umeekin hainbat ipuin aurki ditzakegu, guk oraingoan “Arrosa eta leuna” izeneko ipuintxo hau aukeratu dugu. 

Hurrengo jardueran, elefantearen nahiak entzun nahi ditugu, horretarako kartulinaz elefantearen forma emango diogu baina tronpa lastotxo bati itsatsita joango da, horrela guk putz egitean, tronpa mugituko zaio. Gure ahotsa inork ez dezan zapaldu

Azken boladan, egoera hau dela eta guraso asko etxean lan egitera eraman gaitu, ordenagailuan… kartoi pixkat sobratu bazaizue goiko proposameko ekintzan, ordenagailu bat egin dezakegu. Hizkiak jarriko dizkiogu eta lanean hasi gaitezke… nahi dauanak gurasoie euren lanean lagunduko die edo bestela bakoitzak bere lana egin dezake, adibidez: erosketa zerrenda idatzi…

Eta guzti honek “Haundia egiten naizenean zer?” Ze lanbide izan nahi dut? galdetzera daramagaitu. Hurrengoko ipuineko pertsonaiak, Aloñak badirudi oraindik ez duela erabaki. Eta zuok, badakizute?

Aloñak argi duen bakarra da librea dela aukeratzeko zer izan nahi duen, aukera berea izango da.

Eta nola ez, hamen aurkezten dizuegu joandako astean bidali dituzuen lanen bilduma! Fin-fin zabiltzate lanean, segi horrela! 

Pertsona bakoitza bakarra eta ezberdina da eta ume bakoitzak bere gaitasunak garatzeko aukera izan  behar du, neska eta mutilen ezaugarri esteriotipatuak alde batera utziz. Norbere burua onartuz!

Amaitzeko igarkizun bat asmatu beharko duzue, nortzuk uste duzue direla beheko argazkiko haur biak? 

Bakarrik esango deutsuegu… oso ondo ezagutzen dituzuela, zuon ondoan egoteko irrikitan daudela, zuon ahotsak entzuteko gogo handiz daudela eta egunero gogoratzen direla zuotaz, dan-danotaz! 

Itxaso eta Lierni

Abordatzera!!

Kaixo familia:

Zelan zaudete? Gero eta hobeto ezta, pausoz pausoz eta bitse galdu barik bagoaz aurrera. Animo!! Batzuk gogo handiz irtetzen ari zarete baina beste batzuei, bueltatxo bat ematea asko kostatzen ari zaizue. Normala da ziurgabetasuna sentitzea, eta barruan ditugun beldurrak agertzea. Ezer ez da betirako.. eta apur apurka gure bizitzak jartzen dizkigun oztopoak gainditzen joango gara. 

 Pasadan asteko proposamenak eta erronkako gerizondoak ikusteko prest!! Hau edertasuna!!

Oraingoan hain gogoko duzuen piratan gaia oratuko dugu. Piratek ausardia, indarra, kemena etab.. adieratzen dute eta uste dugu momentu hauetan euren laguntza ondo etorriko zaigula. Egun batzuetan pirata bihurtuko gara!. Piraten istorio asko daude eta ipuinak ere, baina guretzat hunkigarriena minbizia duen Ane piratarena da. Seguruena ezaguna egiten zaizuela baina gogoratzeko, hemen duzue online aurkitu dugun ipuina eta bideotxoa. 


Eta  Ane moduko pirata bihurtzeko zer behar dugu? Bai!! piratan moduko zapia!! Goazen etxeko kajoietara eta hartu daigun gure gustoko zapi koloretxuena!!

Zapian, ahal izanez gero,  errotulatzaile batzuekin AUSARTA hitza idatziko dugu, eta modu horretan bere izaera definituta geratuko da modu ikusgarrian. Gainontzeko jantziak egiteko mila eredu daude, adibidez, marradun kamiseta edo niki zahar bati mangak ebakita.  Bagoaz benetako pirataren itxura hartzen!!

Ausartuko gara Ane pirataren itsasontzia egitera?..  meloi batekin eta gurasoen laguntzaz itsasontzi bikainak egin ditzakezue.

Gai honek jolaserako aukera asko ematen ditu eta ziur aski umeek era librean ibiltzea eskatuko dizuete, hori horrela bada jolas askeaz disfrutatu. Hala ere, guk jolaserako proposamen batzuk dakarguz batzuentzat baliagarriak egingo zaizuelakoan

  1. Etxetik pistak jarri eta altxorra topatzera jolastu.
  1. Mezu sekretua idatzi eta botila batean sartu.. udan itsasora botateko asmoz.
  1. Kartoizko kaja handi batekin itsasontzi bat eraiki. 

ABORDATZERA!! HEMEN DATOR GURE ASTEKO ERRONKA!!

Prest zaudete aste honetako piraten erronkarako? Gure etxeko txoko bat itsasoa bihurtuko dugu, izara, alfombra edo tela batekin. Gainean plastikozko platerekin egindako marrazo ahoak eta kartoiz egindako hegalak egongo dira eta gu pirata bezala horien gainetik pasatzeko modua aurkitu beharko dugu. Gure erronka itsasora jausi barik zuek sortutako bidetik pasatzea izango da. Astindu garunak lagunak!! seguru idea bitxiak eta harrigarriak izango dituzuela.

Gure pirata martxosoen erronka alaitzeko abesti bi hauek proposatzen dizkizuegu:

Zuen ausardia hor dagoelako, zuen izaeran, zuen nortasunean.. guretzat begibistan dago eta kanporatzeko prest zaudetenean, gu hor egongo gara, ondoan. Musu potolo bat.

Itxaso eta Lierni

Dinosauroak

Kiku!!! Zelan? Egun euritsuetaz disfrutatzen? Ala ez? Katiuskak eta aterkina hartu eta plisti plasta ibiltzeko egunak ditugu! laster berriro eguzkia etorriko da eta egunero inguruak eskaintzen dizkigun aukera danak aprobetzatu behar ditugu! Gozatzen, disfrutatzen eta esperimentatzen denaz ikasten bait dugu.

Gaurkoan askok oso gustoko duzuen gai batekin gatorkizue: Dinosauroak!

Beti bezela ipuintxo batekin hasiko gara. “Dinosauro bat adoptatu” izenburudun liburu eder honekin hain zuzen.

Dinosauro bat nahi dut! Oihukatzen eban gure ipuineko neskatiltxoak, egia da ezinezkoa dela benetako dinosauro bat etxean edukitzea baina saiatuko gara dinosauro bat egiten kartoi bati forma emanez? Kimo izena jarri diezaiokegu guk ere, gustatzen bazaizue, ipuinean bezala.

Beste aukera bat, kartoizko platerekin egitea izango litzateke, eta hanketan komuneko tutua erabiliz.

Dinosauro animaliak oso anitzak dira, taxonomia, morfologia eta ekologiaren ikuspuntuetatik. Eta zu dinosauroa izango bazina, zein izatea gustatuko litzaizuke? Edo zein izango zinateke?

Aukeratu duzue zein dinosauro duzuen gustokoen? Dinosauro bakoitzak soinu ezberdina sortzen zuen. Ea imitatzen lortzen duzuen zuon dinosauro gogokoenaren soinu berbera!

Mugimenduaren bitartez, kordinazioa eta lateralitatea lantzeko ibilbide bat prestatuko dugu. Horretarako lehendabizi, dinosauro hanken aztarnak marraztu eta ebaki beharko ditugu, gero lurrean jarri eta norabide ezberdinak eginez, ibilbide txiki bat osatuko dugu.

Ibilbide hau egiteko apropos prestatu beharko gara, ez? Kartulina batekin, bururako apaingarri beldurgarri hau egin dezakegu. Hona hemen adibide bat, baina zuok ere ziur ideia ugari izango dituzuela: Gora irudimena! Aurrera gure dinosauroak! 

Jakingo duzuenez, dinosauroak arrotzetatik jaiotzen ziren, etxean dinosauro panpinak izanez gero, puztuki batean sar ditzakeguz, urez bete eta izozgailuan sartuko ditugu denboratxo batez. Puztukia ebagi edo moztu eta dinosauro arraultza izoztuak izango ditugu! 

Kantu kolore taldeak abesti oso politak eskaintzen dizkigute, oraingoan gure gaiarekin lotuaz, hona hemen abestitxo hau:

Eta egun argitxuetan eguzkiak eskaintzen dizkigun izpien indarrarekin, dinosauro panpinek sortzen duten itzalekin esperimentatu dezakegu, orri zuri luze batean margotuz.

Gaurko azken proposamena, dinosauro itxurako lorontzi edo margoak gordetzeko ontzitxu bat da. Honetarako botilla bat beharko dugu, gurasoen laguntzarekin, dinosauro itxura emango diegu. Margoketa eta apainketa zuon kontura!

Esan behar dugu, oso pozik gaudela zuon parte hartzeaz, hainbat eta hainbat argazki eta bideo jasotzen ari gara zuon etxeko irudi eta momentutxuekin. Ze lan ederrak, zuon irribarreak haiek egiten, ze ilusioz kontatzen dizkiguzue zuon nobedadeak… benetan eskertzen dugu gurekin partekatzea une horrek!

Oraingo honetan, bideo bi egin behar izan ditugu bidali dizkiguzuen argazki guztiekin! Aupa zuok!

Eguenan izango gara berriz alkarrekin, bitartean zaindu, ondo izan eta ikusi arte! 

Itxaso eta Lierni

Lorez lore

Kaixo familiak: 

Zelan zaudete danok? Batzuk apur bat aspertuta egun guztiak ia berdintsuak izateaz, beste batzuk goizetan lo pillo bat egitera ohitzen ari zarete, eta beste batzuk betiko martxan energiaz beteta..

Bueno ba guztiontzat hona hemen gure goizerako proposamena, goizan modu positiboan sartzeko




Zein politak zuen etxetik, zuen erritmora egin dituzuen txorien etxeak!! Oso harro gaude zuotaz!! Bihotz bihotzez eskerrak eman nahi dizuegu gure erronkatan parte hartzen ari zaretenoi. Zuon errutinatan gure jarduerak sartzeak suposatzen duen esfortsuaz konturatzen gara.. eta horregaitik… gu jarraituko dugu lanean ahalik eta proposamen politenak eskaintzeko. Pasaden asteko erronkako txoriak eta etxeak ikusteko prest!! 3,2,1 aurrera..

Gure gaurko proposamenak lore, landare eta zuhaitzetan oinarrituko dira. Gelan askotan aipatu eta frogatu dugu landareen hazkuntza prozesua  zelan gertatzen den. Hala ere ikusteko aukera izatea magia bezalakoa da!! Ikusi eta gozatu gure naturaren edertasunaz!!.

Jakin badakigu landare eta lore oso desberdinak daudela gure planetan.. eta agian noizbait entzun duzue landara haragijaleak existitzen direla.. Ba gure herrian horrelakorik ez dugu aurkituko.. baina aprobetxatuz gai hau hain erakargarria dela gure umeekin landare hauetaz hitz egiteko. Hor doa lagungarri izan daiteken bideo bat.

Animatuko gara gure paperezko landare haragijalea egiten?? Seguru baietz!! Pauso guztiak link honetan azalduta daude.

Landare mota aldatuz, ikusi dituzue gerizondoak loretan.. zein politak diren!! Gogoratzen duzue ikastolan egon giñen azken egunetan loratzen hasita zegoela..

Gure ASTEKO ERRONKA gure kaiola txikiko gerizondoaren omenez doa. Plastikozko botilatxo batekin estampatzea  eta zuhaitz adar ederrak sortzea. Animo!! datorren urteko gerizak gozoagoak egongo dira.

Hurrengo proposamena zenbakien grafiaren norabidea lantzera zuzenduta dago. Makil bat eta bolatxo batekin zenbakiak egiteko jarraitu beharreko bidea osotuko dugu. Jolasa behin eta berriro errepikatzerakoan norabideak bereganatzen ari gara modu eraginkor eta atseginez.

Azkenik naturaren errekurtsoak erabili nahi ditugu faltan botaten ditugun lagunen pertsonaiak egiteko. Errama eta hari batzuekin gure jolasaren protagonistak eskuz egitea posible da. Animo gero eta gitxiago gelditzen da eta!! Eskulan hau egiteko abesti martxoso hau entzun dezakezue:

Maiatzak 8 gure gelako Miren5 urte betetzen ditu.  Gogo handiak ditugu zuen bizkotxo gozoak dastatzeko eta gelako laguntxuen artean diskofesta antolatzeko. Bitartean zuen familikoekin oso oso pasa!! Musu handi bat polit hori!!

Gure bihotzean oraindik zuon taupadak entzuten ditugu.. eta laster zuon irribarreak entzungo ditugu. Jakin badakigu gure falta izateak itxaron dezakela.. gu besoak zabal zabalik hartungo zaituztegu.

Itxaso eta Lierni

Tantaz tanta


Egun on politak!!!

Zelan zaudete? Aspaldian ditugun eguraldi ederrak aprobetzatzen ahal den gehien, ezta? Zer egin duzue egun hauetan? Nora joan zarete?…

Guk oraingoan aukeratu dugun gaia, euria da, bai, badakigu… esango duzue: 

Baina andereño! Eguraldi ederra daukagu eta… Arrazoia duzue baina egun euritsuak etorriko dira ere eta horrei aurre egiteko hor doaz gure asteko proposamenak:

Martxan jartzeko udaberriko ipuin eder hau ikusi eta entzuten hasi gaitezke:

Gure Tulipan txikiak, bultzadatxu bat behar izan du lur gainera irtetzeko: Haizea, euria eta eguzkia. Zein beharrezkoak diren gure zelaiak lorez betetzeko!

Eta orain eskuak lanean jarriko ditugu: Paper urdin baten gainean lainotxu bi egingo ditugu, paperarekin, plastilinarekin, kotoiarekin… zuok aukeratzen duzuenarekin. Gero, lastotxo (pajitas) zatitxoak ebakiko ditugu eta paperean kolatu, euri tantak osatzeko lastotxotik artilea pasatu beharko dugu lainoetara iritsi arte edo alderantziz.

Lanean gauden bitartean musika jarri dezakegu, abesti hau aproposa izan daiteke…

Hodeikin jarraituz, beste jarduera bat proposatzen dizuegu… Laino eder bat egingo dugu, erdian gure izena jarriz, eta hodeietatik euri tantak eskegiko ditugu baina tanta bakoitzean izenaren hizki bat jarriz.

Ni euri tanta banintz, egingo nuke zure sudurrean, txirrist! Lurrera erortzean salto eta hodeietara joango nintzateke berriz!

Dagoeneko badakigu, eguzkia eta euria egiten duenean, zer ateratzen da? Ostadarra! 

Bai? Horrela da? Benetan? Ea goaz frogatzera!

Horretarako linterna bat behar izango dugu argia emateko, baso bete ur eta paper zuri bat lurrean… 

Ze polita eta koloretsua den ostadarra, ez duzue uste? Etxean elikaiengatzako kolorantea izanez gero, kristalezko pote batean ura jarriko dogu eta goian hodeiak sortuko ditugu bizarra mozteko aparrarekin.

Hodeietatik koloreak jaistean, ura koloreez beteko da, koloretako ostadarra lortuz!

Txikitan gure umeei euria hasten zenean “klin, klan, klin klan… euri tantak, euri tantak,..” abestu izan diegu, baina ze soinu du euriak? Etxe barruan ere euria entzuteko aukera izan dezakegu, horretarako sukaldeko tutuarekin EURI MAKIL bat sortuko dugu. 

Tutuaren barrukaldean zotzak jarriko ditugu,

puntutetan kola pixkat emanez. Barrualdean garbantzoak, arroza, dilistak… nahi duzuena sartu dezakezue, eta azkenik puntak zarratu eta kanpoaldea apaintzea gelditzen zaigu.

Do re mi, euria du hasi… 

Euri txaparrada honekin aterkina ateratzeko sasoia heldu zaigula dirudi. Etxean aterkinekin ibiltzea saila da baina ez dago arazorik, marraztu egingo dugu! Euritako erropak, oinetako egokiak… eta dotore-dotore marraztu garenean, pintzel batekin edo lastotxo batekin putz eginez, tanta urdinak egingo ditugu, baina kontuz! Oraingoan ezin gara buzti!

Gai honekin jarraituz, haurren zentzumenak estimulatzeko ala haurrak lasaitzen laguntzeko erabili ohi diren botila sentsorialak egingo ditugu material ezberdinekin.

Ez dakizue zelan pozten garen zuon gurasoen emailtxoak heltzen zaizkigunean eta zuon aurpegitxoak ikusten ditugunean egindako lan ederrak erakusten! Ez gara nekatuko behin eta berriz esaten… ESKERRIK ASKO! 

Amaitzeko, ezin gara agurtu zuon irribarre txiki bat lapurtu gabe, oraingoan gu ere mela-mela eginda bukatu dugu! Kanpotik blai-blai, baina barrua poz-pozik!

Laster arte koadrila!!!! 💙

Itxaso eta Lierni

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

Crea tu página web en WordPress.com
Empieza ahora